Tourism Systems and Media

Proiektu honen helburua da turismoa hobeto ulertzea lortzea garapen teknologiko berriei esker lortutako informazio turistikoa neurtzeko eta eredu bilakatzeko metodo berriak erabiliz; hau da, bere ohiko bizilekutik kanpo egiten dituen bidaiak eta egonaldiak direla eta pertsonaren mugikortasunarekin lotuta dauden jarduera ekonomiko eta soziokultural guztiak hobe ulertzea.

Nazioarteko alor zientifikoan aurrerapen esanguratsuak egin diren arren, oraindik ere bidaiari-fluxuak eta horiek lurraldearekiko duten harremana aztertzeko modu berriak aurkitzeko beharra ikusten da. Sistema berriei esker, identifikatutako ingurune bateko giza- eta enpresa-jarduera modu zehatzagoan aztertu ahal izango da. Ezagutza horri esker, diziplina zientifikoak aurrera egitea ahalbidetuko da eta sektoreko eragile publiko eta pribatuek erabakiak hartzeko garatzen dituzten prozesuak kudeatu ahal izango dira.

Alor honek oinarrizko IKTen ezagutzaren ikerketa bultzatzen du, baita horiek turismoa aztertzeko baliagarriak diren bestelako alor eta diziplinekin duten harremana ere: ideia berriak eta guztiz berritzaileak diren erabilerak sortu eta IKTei buruzko ikerketa-ibilbideetarako aukera berriak aztertu, sistemen ezarpena eta sistema adimentsuak barne.

 

  Informazio turistikoaren modelizazioa eta kudeaketa adimentsua

Datozen urteotan, zerbitzu sare eta azpiegitura berriek egungo turismoa kudeatzeko sistemak eta sarea (Internet) ordeztuko dituzte. Aldaketa horiei esker, turismoaren eta bidaien industriaren hazkundea iraunkorragoa eta lehiakorragoa izango da. Informazioaren neurketa eta modelizazioa erabilgarria izan dadin eta behar bezala ustiatu dadin, bi erronka nagusi hauei aurre egin beharko diegu etorkizunean: alde batetik, erabilgarria izango den eta kudeaketa turistikoa egiteko sistema berriei balio erantsia emango dien informazio berria integratzea; eta bestetik, IKTak iraunkorra izango den turismo bat garatzeko baliabide bezala erabiltzea.

Esandako guztia kontuan hartuta, honako jarduera-lerro hauek lehenetsi dira:

  1. Turismoaren sistema ekonomiko guztia eta horrek ekonomia ezberdinetan duen eragina ulertzeko eta neurtzeko egokiak diren baliabideak garatu.
  2. Turismoaren estatistikak egiteko egungo egituran datu turistiko berriak sartu.
  3. Modelizazioa eta adierazle turistikoak.

Horri guztiari esker, kudeaketa eredu berriak garatuko diren eszenatoki bat lortuko dugu. Eta horrek, aldi berean, iraunkortasunari dagokionez, kalitatea eta ekoizpena hobetuko du eta denbora eta kostuak optimizatzen lagunduko du.

 

  Turismoa Kudeatzeko Sistema Adimenduak

Helmuga turistikoak kudeatzeko irtenbide teknologiko berriek (Destination Management Systems) lehiarako abantaila ematen diete helmuga horiei. Horregatik, ezinbestekoa da informazioa modu eraginkorrean kudeatzen eta ustiatzen lagunduko duten erremintak izatea.

Turismoa Kudeatzeko Sistema Adimenduek behar horri erantzuten diete, zerbitzu eta aplikazio turistikoak komunikazio-kanal ezberdinetan barneratuz eta banatuz (helmuga turistiko jakin baterako), eta zerbitzu eta produktu turistikoak kontsultatzeko, alderatzeko, erreserbatzeko eta gehitzeko aukera emanez.

Sistema berri horiek gai dira sistema turistikoa bere ekoizpen prozesuaren eta merkaturatze-zikloaren edozein momentutan kudeatzeko; turismo-kontsumitzailetik edota “bisitaritik” hasita, administrazioraino (industria, garraio eta turismo politikak sustatzen dituenak), enpresa eta eragile turistikoetatik pasatuz. Kudeaketarako eredu berrien helburua da turismoaren sektorea osatzen duten eragile, enpresa, erakunde edota pertsonei laguntza ematea erabakiak hartzeko unean.

Errealitateak erakusten ditu giza baliabideak, finantzakoak eta erakundeenak beharrezkoak direla baina ez direla nahikoak helmuga turistikoak modu eraginkor eta lehiakorrean kudeatzeko. Ondorioz, esan daiteke plataforma edo ekosistema digital berri horiek ezartzea lagungarria izango dela helmuga turistikoen kudeaketa osoa (fisikoa eta digitala) lortzeko beharrezkoak diren eragileak (enpresa, pertsonak eta erakundeak), teknologiak eta ezagutzak bateratzeko.

Turismoa Kudeatzeko Sistema batek eskaintzen dituen aukera guztiak kontuan hartuta, honako arazo hauei erreparatuko diegu:

  • Edukiak Kudeatzeko Sistema
  • Turismoa Kudeatzeko Sistema ezberdinen arteko elkarrekintza
  • Gomendio Turistikoak egiteko sistema
  • Ingurumena Kudeatzeko Sistemak
  • Bestelako zerbitzu aurreratuak gehitzea