Human Mobility and Technology

Gailu mugikorren garapenak, haiek gizartean barneratzeko izan duten gaitasun handiak, konexio-teknologien aurrerapenak eta espazio hibridoak sortzeko joerak guztiz aldatuko dute mugimenduan dauden pertsonek (hots, bisitariek) haien inguruarekin elkarreragiteko duten modua.

Bisitariek edonoiz eta edonon eskatuko dituzte haien testuinguruari (pertsonala eta ingurumenekoa) egokitutako zerbitzuak. Hortaz, testuinguruan oinarritzen diren aplikazioak zerbitzu turistikoen etorkizuna izateaz gain, gizakiaren jarrera hobeto ulertzeko aukera ere badira. Zentzu horretan, turismoarekin lotuta dauden honako erronka zientifiko hauek identifikatu ditugu:

 

  Turismoa eta Testuinguruaren Teoria

Helburua da bisitari batek testuinguruarekin lotuta dituen beharretatik eratortzen diren erronkei erantzun eraginkorrak eskainiko dituen eredu bat aztertzea eta proposatzea, testuinguruak izan ditzakeen aldaerak, hots, osagaiak zehaztu ahal izateko. Testuinguruari izaera osoa ematen zaio, hau da, ez da aldaera osagarri bat. Zentzu horretan, hauek dira aurkituko ditugun zailtasunak: bisitari baten testuingurua definitzeko beharrezkoa den informazioa zehaztu, testuinguru hori definitzeko beharrezkoa den gutxieneko informazioa mugatu edota informazio hori non dagoen eta nola eskuratu daitekeen ezarri.

 

  Turismoa eta Teknologia Semantikoa

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek aurrera egin ahala berariazko trataera semantikoa beharko dute, pertsonez gain, makinek ere ematen den informazioa “uler” dezaten. Hortaz, Testuinguruko aplikazioek ontologiako sareetan txertatutako ontologiak erabiliko dituzte eta haien zeregin nagusia testuinguruari buruzko informazioaren bizi-zikloa kudeatzea izango da. Alor horretan, besteak beste, honako funtzio hauek garatuko dira: testuinguruari buruzko informazioa prozesatu, testuinguruarekin lotutako ezagutza berrian eragiteko arrazoibidezko arauak eta baliabideak definitu eta iturri heterogeneotatik lortutako informazioa ezagutzeko eta barneratzeko ezagutza-baseak sortu.

 

  Azpiegitura teknologikoa, aplikazio turistikoei laguntzeko baliabide

Helburu nagusia da testuinguruko konputazio sistemak osatzen dituzten zerbitzuen hedapenerako egokiena den estaldura ematea. Horretarako, osagarriak diren bi alor landuko dira: komunikazioa, batetik eta integrazioarekin lotutako gaiak, bestetik. Hasteko, komunikazioaren teknologiak ezinbestekoak dira testuinguruko konputazio sistemak sortu ahal izateko, haien aukerak mugatzen dituztelako. Bestetik, komunikazioaren teknologiek testuinguruko konputazio sistemen arteko konexio dinamikoa ahalbidetzen dute. Testuinguruko konputazio sistemen jatorrizko izaera kontuan hartuta, ezinbestekoa da horiek software mailan integratzea. Integrazioarekin lotuta dagoen ezagutza hiru kategoria nagusitan sailka daiteke: arkitekturak, framework-ak eta middleware-a.

 

  Pertsona-Ordenagailua elkarrekintza

Erabiltzailean oinarritzen den diseinu bat egiteak garrantzi handia dauka, izan ere, horrek aplikazioak modu errazean erabiltzea bermatzen baitu. Interfazea gizakiaren beharretara eta gaitasunetara egokitzeko hainbat alor kontuan hartu behar dira, adibidez, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, erabiltzailearen eskarmentua eta aipatutakoek sarbideko gailuarekin duten elkarrekintza. Baina interfazeen erabilera ez da aplikazio elkarreragileen onarpenean eragina duen faktore bakarra. user experience-a erabiltzailearen jarreran, erabakiak hartzeko unean edota aurretik aipatutako gai ergonomikoetan eragin positiboa duten faktore estetiko eta afektiboen azterketa da. Faktore horien arteko elkarrekintza ulertzeak eta ikertzeak erabiltzailearen jarrera modu fidagarriagoan aztertzea ahalbidetzen du.