MugiLab Laborategia (CICtourGUNEren laborategia)
Turistek gero eta maizago erabiltzen dute Internet bidaiei buruzko informazioa lortzeko. Baina, batez ere, euren ohiko ingurunetik kanpo mugitzen ari diren pertsonak diren aldetik, gero eta gehiago dira baliabide mugikorrak erabiltzen dituztenak: telefonoak, PDAk edo GPSak, gutxi batzuk aipatzearren. Orain, mugikortasuna da funtsezko erronka, eta turistei zuzendutako zerbitzuen aukera. Hala eta guztiz ere, alderdi hau ez da oraindik sakontasunez garatu.
Laborategiaren xedea da turismoaren sektorearentzako Mugikortasuneko Zerbitzu Aurreratuei buruzko ikerketa eta teknologiaren eta ezagutzaren transferentzia burutzea, turismoaren sektorea ezagutzaren ekonomia berriaren beharrei egokituz, dagoen enpresa-ehuna bultzatuz eta ezagutzaren sektore intentsiboetan arituko diren enpresa berriak garatzen lagunduz.
Ekipamendua
CICtourGUNEren laborategiak azken belaunaldiko ekipamendua du, neurri handi batean barne produktu gordin nazionalari ekarpena egiten dion sektore honi zerbitzua ematen diona eta produktu berriak (eguzkia eta hondartza xede duen ohiko turismoa ez bezalakoak) garatzeko ahalmen handia duena. Zehazki, CICtourGUNEn garatutako ikerketen emaitzak mugikortasun teknologia berrien bidez aplikatuko dira sektorean, eskaintza turistikoaren balio erantsia areagotuz.
CITIC 2006 txostenaren arabera, lortu nahi dena hauxe da, turistentzako zerbitzuak pertsonalizatuak izatea, nahi duten hizkuntzan eskaintzea, beti haiei arreta emateko prest egotea, eta informazio eguneratua eta zerbitzu moldaerrazak izan ditzatela. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei esker osorik edo neurri batean bete daitezke eskakizun horiek, kostuak murriztuz, zerbitzuen funtzionaltasuna zabalduz eta erabiltzaileen gogobetetasuna areagotuz. Multimediak eta terminalen datu prozesaketak eskaintzen dituzten ahalbideak nahikoa dira zerbitzu sofistikatuak emateko. Eta, gainera, terminal mugikorrak zerbitzuak pertsonalizatuak izateko aukera ematen du, lehen lortu ezin zitekeena.
Honako hauek dira turisten premiak betetzeko laborategiak bultzatzen dituen soluzio mugikorrak:
- Zer egin aukeratzea. Erabakitzeko garaian lagungarria izan daiteke komunitatearen iritzia edo “adimen kolektiboa“ erabiltzea. Fenomeno hau nabaria da Interneten eta turismo zerbitzura zabaldu daiteke mugikortasunari dagokionez (2.0. fenomenoa).
- Aktibitatea bideratzea. Trafikoa, meteorologia edo garraiabideen erabilgarritasuna garrantzizko gaiak dira turistentzat. Zerbitzu mugikor batzuek dagoeneko gomendioak eskaintzen dituzte.
- Erreserba eta erosketa. Baliabide elektronikoen bidezko ordainketa transakzioak hedatuta daude dagoeneko. Izan ere, merkataritza elektronikoa gero eta zabalduagoa dago ordainketak onartu, erabili eta kudeatzeari dagokienez.
- Orientatu eta iritsi: gida zerbitzuak dira turismoarekin azkarren lotzen direnak.
- Aisialdirako edukiak eta informazio gehigarria deskargatu: gida turistikoak mugimenduan ere eskuragarri daude jada.
- Norberaren esperientziak teknologia mugikorren bidez partekatuz, adibidez, blogak mugikorretik bertatik eguneratu daitezke, argazkiak edo bideoak bidali, edota, norberaren esperientzia beste turista batzuekin partekatu iragarki-taula birtualen edota erreferentzia geografikoak dituzten oharren bidez.
- Segurtasuna eta arazoen kudeaketa: lasai bidaiatzea ahalbidetu dezaketen hainbat zerbitzu daude, izan ere, mota horretako zerbitzuek zaintza, arazoen jazoera (atzerapenak, ezeztapenak, istripuak, etab.) edota laguntza (errepidean, laguntza medikoa, etab.) eskaintzen baitute.

